Gaita saioen oinarrizko eta ohiko errepertorioa honako pieza mota hauek osatzen dute: Dianak, erraldoietako piezak eta dantzarako piezak. Hiru saio mota horiek dira gaitaren agerleku nagusiak. Erraldoietako saioak beste biak baino lehenagotik dokumentatuta egon arren, hiru saio mota horiek XIX. mendean ezarri eta finkatzen dira, gaita errotuen zegoen Nafarroako herrietan.

XX. mendean aurrera egin ahala, gaitak gero eta toki garrantzitsuagoa hartzen du Nafarroako festetan. Egia da, bestalde, gorabeherak izan dituela, baina, zalantzarik gabe esan dezakegu XX. mendea gaitaren mendea izan dela. Azken urteotan, txarangen eta beste musika talde batzuen lehia izan arren, gaitak XIX. mendearen bukaeraz geroztik gure festetako ezinbesteko protagonista izateari eusten jakin izan du.

 

Diana .

Diana gaitariaren lehenbiziko saioa da, goizaldeko musika, iratzartzeko doinua. Baina, diana ez da instrumentu bakar baten eremu mugatua. Izan ere, dianak militarren bandek, banda zibilek, txistulari taldeek eta are txarangek ere jotzen dituzte. Alabaina, duela mende bat gutxienez, dianak toki berezia du gaitaren eta gaitariaren eguneroko eginbeharren artean, arestian esan dugun bezala, diana edo alborada, XIX. mendean hala esaten baitzitzaion, gaita-saioen oinarririk sendo eta iraunkorrenetarikoa baita. 1896. urtean berean, Iruñeko Udalak festetarako kontratatu zuen ospe handiko gaitari bati, Lizarrako Demetrio Romanori, idatzitako gutunean, hiriburuan izanen dituen eginkizunak azaltzen dizkio. Horien artean lehena, egunero alboradan parte hartzea da, “zinegotzi guztien etxean geldialdia eginez”. Bisitak egiteko ohitura galdu da, baina gaita eta danbor-hotsezko goiz-goizeko iratzar-saio horiek gaur egun arte iraun dute. Dianan pieza bakarra jo ohi da; gaitaria kalez kale ibiltzen da doinu bera joaz. Diana doinuak aire militarrekoak izaten dira sarritan, XIX. mendeko banda militarren eraginez seguruenik. Dena den, denborak aurrera egin ahala, gaitariek dianetarako soinu lasaiago eta melodiatsuagoak prestatu dituzte, lo-zorroan dagoena goxo iratzartzen laguntzeko edo.

 

LIZARRAKO KALEETATIK DIANA. ZARRAKAZTELUKO GAITEROAK.

oír  diana

 

Erraldoietako piezak.

Erraldoi, buruhandi, kiliki eta zaldikoen konpartsaren atzetik gero eta jende gehiago ikusten dugu. Horregatik, aztertu beharreko ikuskizuna dela iruditzen zaigu. Goizero eta, herri batzuetan, baita arratsaldeetan ere, Nafarroako hainbat herritako festetan, haur, guraso eta aitona-amonen ilusio, beldur eta ikaretarako tokia izaten da konpartsaren kalejira. “Gigantofilia-aldian” bizi gara eta hori, gure iritziz, oso lagungarria da Nafarroako festen nortasun-ikurrak berreskuratzeko. Garaiak aldatu dira. Gaur egun, agintariek konpartsari agur egiten diote, ez alderantziz. Erraldoien dantzek berezko koreografia dute eta konpartsaren agurra lehenbiziko ateraldia bezain zirraragarria izaten da.

 

IRUÑEKO ERRALDOIAK ZARRAKAZTELUKO GAITEROEKIN oír  pasacalles de gigantes
oír  vals de gigantes

XX. mendean barneratu ahala, erraldoiek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute gure festetan. XIX. mendean, festaren beste ikuskizun bat besterik ez zen; XX. mendean, berriz, erraldoien ikuskizuna ezinbestekoa izanen da Nafarroako herrietan.

Nafarroako gaitak erraldoiak dantzarazteko dituen doinuak bi dira: kalejirak (gehienak 6/8 konpasean) eta baltse doinuak. Kalejira doinuekin batera, erraldoiek beren egitura mugitzen dute, konpasarekin bat. Zinez ikusgarriak dira Lizarrako Erraldoien Konpartsak koreografiatu dituen kalejirak. Haatik, baltseak, ¾ koponpaseko doinuak, erraldoi bat nola dantzatzen den erakusteko piezarik egokienak dira. Sarrera moduko zati bat izan ohi dute, dantzaldiari seriotasun puntu bat emateko. Nafarroako konpartsa ia guztiek prestatu eta egokitu dituzte baltse-doinuak dantzatzeko koreografiak.

 

 

 

Herri dantzak.

Aurreko ataletan, gaitaren bi erakustoki garrantzitsuenak azaldu dizkizuegu: dianak eta erraldoien irteera. Dianen kasuan bezala, herri dantzak agertuko dira gaitak Nafarroako jaietako protagonista-kide izateko tokia (txistuarekin batera) eskuratzen duenean, hau da, aurreko mendearen bukaeran. Erraldoien irteeraz gain, hori baita gaitariaren eginkizun behinena eta behar-beharrezkoena, Udalak herri musikari tokia egiteko beste ordu eta egokieren bila ibili ziren. Horrela sortu ziren alboradak, herritarrak goxo esnatzeko asmoz, eta herri dantzen saioak, dantzarien dohainen erakusleku gisa.


Izan ere, XIX. mendeko azken urte haietan, Nafarroako herrietan ez zegoen, ez, dibertimendu publiko eta dohain ugari, eta, egoera horretan, musika baliabide ezin egokiagoa gertatu zen Udalentzat. Horrela sortu zen, bada, herri dantzen saioak antolatzeko ohitura.

 

NAFARROAKO BERIAINEN DANTZAK

oír  fandango

 

 

 

Folk jaialdiak. Kontzertuak.


Gure dokumentazioaren arabera, gaitak eta bandak batera aritzeko kontzertuak Lizarrako gaitariek baino ez dituzte eman, dela Lizarran bertan, dela kanpoan, beti ere herriko bandarekin. Inoiz edo behin, antzeko saiakerak egin izan dira Nafarroako beste herri batzuetan, baina ezin dira inolaz ere hartu tradiziozko ohitura gisa.


30eko hamarkadatik aurrera, dantza taldeen sorreraren eskutik, folk jaialdiak ugarituko dira. Gaur egun, oso normala da hainbat dantzatan gaita-doinuak erabiltzea, besteak beste, Otsagabiakoetan, Cortesen, Monteagudon, Faltzesen, Lizarran, ...

oír  pasacalles para gaita y banda

oír  jota vieja de Estella

LIZARRAKO IBAI EGA DANTZA TALDEA ETA ZARRAKAZTELUKO GAITEROAK

 

 

GAITEROEN BILKETA ZARRAKAZTELUN

      

Musikarako beste gune batzuk.


Programatik landara dauden gaita-saio hauetan ekitaldi ofizial batek eskatzen duen seriotasun eta disziplina alde batera uzten da. Horrelakoetan, gaitariek egitura jakin bat ez duten herri piezak jo ohi dituzte, “murgak” alegia. Murgak herriak ongi ezagutzen dituen pieza egokituak izaten dira, kanturako eta dantzarako gonbiteak.

oír  murga

 

 

 

  la gaitael tambor de gaitalos constructores de gaitasel gaiterolos Gaiteros de Estelladiscografía de gaita navarra NOVEDADES


E-mail: gaitanavarra@hotmail.com

Zarrakazteluko gaiteroak - Gaiteros de Carcastillo

Orriaren egileak: Zarrakazteluko Gaitariak Rosa Villafranca eta Angel Mari Aldaia. Gaurkotzeko prozesuan. 2008ko otsaila.